miércoles, 1 de diciembre de 2010

TELEBISTAKO ERREPORTAIEN INGURUKO TEORIA ETA ADIBIDEAK

Oraingo honetan telebistako erreportaia desberdinen inguruko teoria azaltzen duten diapositiba multzoa igoko ditut sarrera honetan.

Lehenbizi teoria ikusiko dugu, eta gero, bertan agertzen diren bideoak komentatuko ditugu.


Diapositiba hauetan agertzen den lehenengo ariketa ondorengoa da: ikusi segidan agertzen den bideoa, eta esan zenbat aldiz agertzen den erreportaria irudietan. Ea kapazak zareten zenbat aldiz azalten den kontatzeko!!

Bestalde, gustuko al duzue itzultzaileak egiten duen itzulpena?? Ikusi eta esadazue!




Nire ustez, itzulpena ez da hain egokia. Batetik, itzulpenak behar den bezala prestatu gabe dituela esango nuke nik, askotan dudan geratzen baita zer esan behar duen, eta horrela erakusten du zuzenean ari dela itzulpenak egiten, ikusi ahala. Eta bestetik, itzulpenak egin behar dituen garaian, bideoa geratu egiten du, eta hitz egiten ari denak gauzak esan ahala itzultzen ditu, eta behar denean gelditu. Horrek erreportaiaren erritmoa gelditu egiten du, eta ikuslearentzat ez da batere interesgarria geratzen.

Beraz, itzulpenen aldetik bideoak hobetu beharra duela esango nuke.

Baina, lortu al duzue erreportaria zenbat aldiz agertzen den zenbatzea????



Eta orain bai, orain, diapositiba hauetan agertzen diren bideoak komentatzeari ekingo diogu.

1. GNU/LINUX-en INGURUKO ERREPORTAIA:




Bideo hau Linuxen erabileraren inguruko bideoa da. Kasu honetan Chilen Linuxen duen zabalkundearen inguruan hitz egiten du, eta "Conexión Social" izeneko programaren barruko kideek Linuxen inguruan duten iritzia ematen dute. Beraz, ikusten da erreportaia hau gaurkotasunezko erreportaia dela, laburra eta eguneroko telelbista informazio saio batean emateko moduko informazioa tratatzen duelako.

Bestalde, Cuba ere Linux ematen ari den zabalkundearen beste adibide bat litzateke bideo honetan adierazten den lez:




Beraz, bi bideo hauek adibidetzat hartuta, badakigu Linuxek gero eta erabiltzaile gehiago dituela. Baina zer da Linux benetan??



Nork esango zukeen Linux jendearen artean zabaltzeko moduko iragarki bat egiteko ume bat eta esaldi sakon batzuk bakarrik beharko zirenik? Ba, hemen dago horren adibidea.

Oso iragarki ederra, dudarik gabe, sinplea baina esan bezala esaldi sakonez betea, eta egia esaten duten esaldiz betea, gainera. Benetako esaldi horiek entzutean esaten ari dena sinetsi egiten dugu, eta horrela amaieran esaldi horiek guztiak hartu eta bere egiten dituena Linux dela jakitean, bere alde egiten dugu, Linux zein ona den pentsatuz ! Beraz, iragarkia "txapo"!


2. ETB-ren ERREPORTAIA:


Bigarren erreportaia hau ere gaurkotasunezko erreportaia bat da, eskaintzen duen informazioa edozein informazio saiotan aurkezteko modukoa baita. Erreportaia hau ondo garatuta dagoela esango nuke nik, gaiaren inguruan esperientzia duten pertsonak agertzen baitira hitz egiten: FP moduluak egitera bueltatutako ikasleak, bertako irakasleak, etab.

Kasu honetan aitortu beharra daukat erreportaia hau oso ezaguna zaidala, nik zentro horretan egin baititut unibertsitatera etorri aurreko ikasketak: batxilergoa, lehenbizi, eta Telekomunikazio eta Informatika Sistemak modulua, ondoren. Ni moduloko lehenengo ikasturtea burutzen ari nintzenean etorri ziren ETBkoak zentrora erreportaia hau egitera,  eta beraz, aurretik ere ikusia nuen bideo hau.

Lantzen den gaiari begira, esan behar dut bideoan diotenarekin oso ados nagoela. Gaur egun, oraindik, FP-ko moduluek oso fama txarra dute, unibertsitateko ikasketekin konparatuz maila baxuan baleude bezala. Nire kasuan, batxilergoa bukatutakoan ez nuen batere argi zer ikasi nahi nuen, eta moduluaren aurkezpena egin zigutenean gustatu eta bertan matrikulatzera animatu nintzen. Ba, ez naiz sekula damutuko, nire bizitzako 2 urte onenak izan baitira ikasketa aldetik begiratuta. Praktika mordoa egiten dira, egunero bateren bat, eta teoria ematen den arren asko ikasten da praktika horien bitartez. Gainera, bigarren urte amaieran enpresan egiten diren praktikek ere asko aberasten dute ikaslearen 2 urte horietako prestakuntza teorikoa, eta beraz, dudan dagoen orori FP-ko moduluak egitea aholkatuko nioke, ez baita damutuko!

Gainera, bideoan ongi islatzen den moduan, asko dira unibertsitateko ikasketak bukatutakoan FP-ko moduluak egitera joaten diren gazteak. Beraz, kendu aurreiritziak eta bultzatu ditzagun FP-ko ikasketak ere, oso onak dira eta!!


3. BERRIA EGUNKARIA (2003):



3. bideo hau, berriz, erreportaia luzea da, informazio saio berezi baterako egina; kasu honetan, Egunkariaren itxieraren inguruan egin izango zen saio batentzako egina, seguru aski.

Kasu honetan, erreportai honetako baliabide nagusia muntaia dela esango nuke nik. Erreportariak ez du hitzik egiten, eta ez du azaltzen orduan gertatu zenari buruzko ezer hitzez. Baina, muntaia hain dago ondo egina, ikuslearen barneraino sartzen dela ezer azaldu beharrik gabe. Hau da, muntaia hain dago ondo eginda eta irudiak hain dira adierazgarriak, ez dela azalpenik behar.

Muntaia egiterako orduan irudi gogor eta adierazgarriak agertzen dira, itxierakoak, atxilotuenak, Donostian egindako manifestaldikoak, argazkiak, kartelak, etab. luze bat. Beraz, honek erakusten du irudi bilketa handia dagoela eginda erreportai honetarako. Irudi oso adierazgarria da jendea Berriaren forman agertzen denekoa, adibidez.

Jendearen adierazpenek ere indar handia ematen die bideoari, azken finean, adierazpen horien bidez, gertakari haren ondorioz jendearen artean geratutako sentimenduak islatzen baitituzte, eta beraz, hauek ere oso garrantzitsuak direla uste dut. Gainera, atxilotuen adierazpenik ere agertzen da, eta horrek ere indarra ematen dio erreportaiari, azken finean, lehenengo eskutik bizitako sentipenak erakusten baitizkigute.

Beraz, bideoan hitz gutxi egin arren, irudiek hartzen dute indar handiena, eta berriz diot, muntaia egin duenak ondo baino hobeto asmatu du gaia nola erakutsi bideo bitartez, eta beraz, bideoa oso ona dela esango nuke. Baliabide nagusi gisa muntaia hartuta oso emaitza ona lortu baitu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario